XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zer aldagai metodologikoek biltzen dute aniztasunari eman beharreko erantzunaren berri?

-Landuko diren edukinak nola hautatzen diren, haurren interesak eta edukinen tipologia kontuan hartuta.

-Edukinak nola antolatzen diren, ikasleei nola aurkezten zaizkien: proposamen globalizatzaileen bitartez, berariazko ikaskuntzen bitartez, etab.

- Irakaskuntza-ikaskuntza prozesua eta lortutako emaitzak nola ebaluatzen diren.

- Espazioa, denbora eta ikasle-taldeak nola antolatzen diren: talde handiak, talde txikiak, bakarkako lanak.

- Baliabide eta material didaktikoak edo eta giza baliabideak nola antolatzen diren.

- Haurrekin nola erlazionatzen garen eta prozesu didaktikoan nola esku hartzen dugun, haurren arteko harremanak bultzatuz, bakoitzaren berezitasunak errespetatuz, bultzatuz eta konpentsatuz.

Gure lanean burutu dezakegun edozein ekintza goian aipatutako aldagaietariko batek barne bilduko du ziurrenik, eta hori lagungarria da iritziak bateratzeko eta klaustroko erabakiak ahalik eta bizkorren hartzeko.

Alabaina, demagun beste klaustro batek lanerako jarraipide gisa arestiko sei aldagai metodologikoak hartu dituela eta irakasle bakoitzak aburu bat duela aniztasuna dela-eta. Nola bateratu ditzakegu irizpideak?

Gure ustez, profesional orok, dituen argumentu pertsonalak alde batera utzita, bere iharduna justifikatzeko gai izan behar du, alabaina ez edonolako teoria batetik abiatuta, baizik eta gure lanbide-arloan guztiek onartzen duten eta ustez hezkuntza-premiei erantzuteko bikainena den teoria bat oinarri gisa hartuta.

Horrek eragingo ditu klaustroko erabaki egokienak. Irakaskuntza-ikaskuntza bikaindu ahal izateko, no/a ikasten den azaltzen duen teoria gidatzat hartu behar du profesional bakoitzak eta ondoko PRINTZIPIOAK kontuan hartu:

-Guztiek ez dugu modu berean ikasten; bakoitzak bere berezitasunak ditu, ikasteko estiloarekin, gaitasunekin, motibazioarekin eta abarrekin zerikusia dutenak eta ikaskuntzari eragiten diotenak.

-Gauza guztiak ez dira modu berean ikasten; ez baita gauza bera kontzeptu bat lantzea eta prozedura bat eskuratzen laguntzea edo jarrera bat hartzen laguntzea. Edukin bakoitza modu desberdinean landu behar da, eta bakoitza lantzeko talde-mota desberdinetan banatu behar dira ikasleak, era desberdinean antolatu behar da denbora eta modu desberdinean erabili behar dira espazioak, ikasitakoaren ezaugarri bereziei moldatzeko.

-Norberak bere kasa eratzen duen prozesua da ikaskuntza.

-Ingurunearekin elkarreraginean gaudela ikasten dugu, hau da, besteekin eta inguru fisikoarekin elkarreraginean gaudela.

-Zerbait ikasi ahal izateko, guk proposatzen dieguna eta aldez aurretik dakitena lotu behar dute haurrek. Guk, gure aldetik, aldez aurretiko ezagutzen berri izaten saiatu behar dugu.